
Castello-Real Union, (1-1): Porrot zaporea duen berdinketa
Irundarrak 1-0 irabazten hasi dira Briten golari esker, baina 82. minutuan Ulloak penaltiz 1-1ekoa sartu du.
Real Unionek partida garrantzitsua jokatu zuen Castelloren aurka eta porrotaren zaporea duen berdinketa (1-1) lortu zuen Adelante Ligako azken sailkatuaren aurka.
Partida hasieran bi taldeek akats ugari egin zituzten urduritasunaren poderioz asko baitzegoen jokoan. Dena den, Real Union izan zen baloiaren jabe hasierako minutuetan nahiz eta ia ez zuten gol aukerarik eduki. Gurrutxagak indarge eginiko jaurtiketa izan zen jokaldirik esanguratsuena lehen ordu laurdenean. Partidako aukerarik onena 20 minutuan Real Unionek izan zuen. Juan Dominguez bakarrik geratu zen Lledo atezainaren aurrean, baina bere jaurtiketak zutoina jo zuen.
Lehen zatiko azken minutuetan Castellok ere gol aukerak eduki zituen. 42. minutuan Jauregi atezainak erantzun bikaina eman zion Manteconen erremateari. Horrenbestez, golik gabe (0-0) iritsi zen partida atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieran bi taldeak erasokorrago zelairatu ziren, baina lehen kolpea eman zuena Real Union izan zen. 57. minutuan irundarrek baloia lapurtu zuten zelai erdian, Duranek hegalean jaso ondoren area barrura erdiratu zuen eta bertan Britek baloia sare barrura bidali zuen 0-1ekoa sartuz.
Gola hartu ondoren Castellok erasora jo zuen eta gol aukera bikaina izan zuen 61. minutuan. Ulloa bakarrik zegoen area txikiaren barruan eta baloia bultzatu bakarrik egin behar ez zuenean jaurtiketa langa gainetik kanpora bidali zuen.
Castello aukerak izaten hasi zen eta Real Union atzean sartu zen markagailuari eusteko. Kontraerasora azkar ateratzen zen talde irundarra, baina eduki zituen aukerak barkatu egin zituen eta azkenean ordaindu egin zuen. Epaileak, Castelloren aldeko penaltia adierazi zuen 82. minutuan eta Ulloak jaurti zuen 1-1ekoa.
Real Union saiatu zen erreakzionatzen eta pare bat aukera izan zituen. Lledok erantzun bikaina eman zion Aitor Sanzen jaurtiketari eta ondoren epaileak legues kanpo utzi zuen Real Unionen gola Eneko Romo jokoz kanpoko posizioan omen zegoelako. Azken minutuetan bi taldeek izan zituzten gol aukerak, epaileak legez kanpo utzi zuen Castellok sartutako gola eta partida bi taldeei gutxirako balio dien 1-1eko emaitzarekin bukatu zen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario